Erraketistak, bi gutxiago

Julita anoetarra eta Juanita eibartarra zendu dira egun gutxiren buruan Mexikon.
Artikulua GARAtik jaso dugu:
Raketistak Lehen eta Orain elkartetik jakinarazi digutenez, Juliana Ignacia Beraza Leibar Julita anoetarra eta Juana Lizarzaburu Egaña Juanita eibartarra hil berri dira egun gutxiren buruan, 93 eta 98 urterekin, biak Mexikon.
24 urtez profesional izan zen Julita anoetarra garai guztietako erraketista onenetarikotzat jo izan zuten bere garaian; zaleek ez zizkioten alferrik jarri «La Reina», «La Única» edo «La Venus Rubia» ezizenak.
Garaiko beste asko bezala, elizako atarian eman zituen lehen pilotakadak eta 13 urterekin Donostiako Gros pilotalekuan erraketa probatzeko aukera izan zuen, eta denak txunditu zituen. Debuterako gutxieneko adina 16 urte ziren arren, tranpa egin eta 14 urterekin egin zuen debuta Madrilen eta 16 urte bete zituenerako garaiko aurrelaririk onena bihurtu zen. Handik Amerikara egin zuen jauzi eta sekulako arrakasta izan zuen.
Juanita eibartarra erraketista izateko jaio zela esan daiteke. Astelenan jaio zen, gurasoek Katedrala administratzeko ardura zutelako eta familian ere asko zirelako erraketistak. Berak ere oso gazte egin zuen debuta Madrilen, 13 urterekin, errepublika garaian, eta erregimen frankistatik ihes egin behar izan zuen Simon Otaola senarrarekin.