Ane Ibañez egoera honetan lehenengo lerroan dagoen pilotaria

Denoi eragin digu Covid-19 delakoak. Baita pilotarioi ere. EPEko kideok bere horretan utzi behar izan dugu gure jarduna, gure partidak, gure entrenamenduak… Alta, ez digu pilotari guztioi berdin eragin, EPEko kide bati modu berezi batean eragin baitio: Ane Ibañezi. Ane palista da, trinketea du bere habitat, baina, azken asteotan, kirola utzi eta bere lanari sekula baino lotuago dago. Izan ere, Ane Ibañez erizaina da Txagorritxuko ospitalean. Orain arte trinketea eta ospitalea uztartzen bazituen ere, orain paleta utzi eta orratzari heldu dio, galtza zuriak kendu eta erizainaren uniformeari itsatsi zaio, maskarila bategatik aldatu ditu palan jokatzeko segurtasun betaurrekoak.

Azken egunotan komunikabideetan izan dugu Ane, erizain modura oraingoan. Hala ere, palista moduan ere azaldu izan da medioetan, palmares esanguratsuaren jabe baita. Anek, osasungintzako gainerako langileek bezala, pazientzia eskatu du, zentzuz jokatzea, norbere burua eta ingurukoak zaintzea, animoari eustea. Guk, gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiogu, emandako guztiak ere gutxiegi izango direla jakinda. Egun hauetako txaloek zuretzat ere badira, Ane. Baina jarrai dezagun txaloka krisi hau gainditzen dugunean ere. Anegatik, eta gure osasuna eta bizitza zaintzen duten guztiengatik. Krisian eta krisitik kanpo. Orain eta gero.

https://zuzeu.eus/euskal-herria/ane-ibanez-txagorritxuko-erizaina/