Leire Etxaniz EPEko pilotari etxebarriarrak uko egin dio Master Cup txapelketako finalerdia jokatzeari.

Txapeldun handietan handienetakoa da Etxaniz, batez ere Master Cup-ari dagokionean, jokatutako txapelketa gehienak berak irabazi baititu: binakako hiru txapelak eta banakako bi txapel (jokatutako hiruetatik). Ezbairik gabe, txapelaren neurrira eginda dago Etxaniz.
Hala ere, pandemiak ekarri duen egoerarekin eta bere buruarekin koherente jokatu du, eta ez du laugarren txapela lortzeko aukerak itsutu. Dioenez, goizegi da oraindik, pilotariek denbora asko daramate ganoraz entrenatu gabe, eta Master Cupen arabera, bata bestearen atzetik jokatu beharko lirateke semifinala eta finala (ekainaren 26an eta 28an, hurrenez hurren). Horrez gain, osasun larrialdiak ere kezkatzen du Etxaniz, familian gertutik bizitzen ari baita Covid-19a. Horregatik, bere lehentasunak beste batzuk dira, eta koherentziaz jokatzea lehenetsi du.
Txapelketaren antolakuntzak ordezkoak bilatu ditu, baina garbiegi ez jokatu izana egotzi zaie antolatzaileei. Izan ere, orain arteko txapelduna kanpoan utzi du. Etxanizek, data horietan ez zuela jokatuko esan zion antolakuntzari (osasun larrialdia eta horrek ekarri dituen entrenamendu falta kontuan hartuta), baina berak ez dio txapelketari uko egin. Gainera, kirol testuingurua ikustea besterik ez dago: profesional zein federatuen txapelketa eta partidu guztiak bertan behera geratu dira, eta oraindik ezin da jakin noiz hasiko diren. Beraz, EPEren ustetan, honek erakusten du egitura duin baten eta ardurazko erabakien falta dagoela txapelketa honetan.
EPE elkartea lanean ari da pilotarien baldintzak hobetzeko, bai txapelketa honetan eta baita, orokorrean, pilotaren munduan ere. Egitura duin eta serio baten alde apustu egiten du elkarteak, eta federazioekin elkarlanean, hori sustatu nahi du bai txapelketa publiko zein pribatuetan. Horregatik, babes osoa azaltzen dio elkarteko kide den Leire Etxanizi, bere erabakiarekin elkartearen koherentzia mantendu duelako, emakume pilotarien baldintza onak eta gizarte osoaren segurtasuna, ardura eta kalitatezko aisialdia bermatzeko pausuak emanez. Azken batean, gure jarduna gizartearen aisialdiaren parte ere badelako, eta horregatik, kalitatezko entretenimendua sustatu nahi dugu, gure baldintzak eta erabakiak errespetatuko dituena eta, horretarako, halako osasun egoera baten aurrean arduraz jokatzea dagokigu. Horrez gain, EPEk adierazten du desadostasuna agertzen duela Master Cup txapelketak hartutako jarrerarekin, pilotarien behar eta nahiei begiratu beharrean bere probetxu eta interes propioak lehenesten ari delako.
EPEk eskua luzatzen dio elkarlanean jardun nahi duen orori, eta horrenbestez, baita Master Cup txapelketako antolatzaileei ere, guztion onurarako arituko bagara. Denoi dagokigu pilotaren egitura duina lortzeko ardura, gizon zein emakume, pilotari guztien mesedetan.