Leire Etxaniz EPEko pilotari etxebarriarrak uko egin dio Master Cup txapelketako finalerdia jokatzeari.

Txapeldun handietan handienetakoa da Etxaniz, batez ere Master Cup-ari dagokionean, jokatutako txapelketa gehienak berak irabazi baititu: binakako hiru txapelak eta banakako bi txapel (jokatutako hiruetatik). Ezbairik gabe, txapelaren neurrira eginda dago Etxaniz.
Hala ere, pandemiak ekarri duen egoerarekin eta bere buruarekin koherente jokatu du, eta ez du laugarren txapela lortzeko aukerak itsutu. Dioenez, goizegi da oraindik, pilotariek denbora asko daramate ganoraz entrenatu gabe, eta Master Cupen arabera, bata bestearen atzetik jokatu beharko lirateke semifinala eta finala (ekainaren 26an eta 28an, hurrenez hurren). Horrez gain, osasun larrialdiak ere kezkatzen du Etxaniz, familian gertutik bizitzen ari baita Covid-19a. Horregatik, bere lehentasunak beste batzuk dira, eta koherentziaz jokatzea lehenetsi du.
Txapelketaren antolakuntzak ordezkoak bilatu ditu, baina garbiegi ez jokatu izana egotzi zaie antolatzaileei. Izan ere, orain arteko txapelduna kanpoan utzi du. Etxanizek, data horietan ez zuela jokatuko esan zion antolakuntzari (osasun larrialdia eta horrek ekarri dituen entrenamendu falta kontuan hartuta), baina berak ez dio txapelketari uko egin. Gainera, kirol testuingurua ikustea besterik ez dago: profesional zein federatuen txapelketa eta partidu guztiak bertan behera geratu dira, eta oraindik ezin da jakin noiz hasiko diren. Beraz, EPEren ustetan, honek erakusten du egitura duin baten eta ardurazko erabakien falta dagoela txapelketa honetan.
EPE elkartea lanean ari da pilotarien baldintzak hobetzeko, bai txapelketa honetan eta baita, orokorrean, pilotaren munduan ere. Egitura duin eta serio baten alde apustu egiten du elkarteak, eta federazioekin elkarlanean, hori sustatu nahi du bai txapelketa publiko zein pribatuetan. Horregatik, babes osoa azaltzen dio elkarteko kide den Leire Etxanizi, bere erabakiarekin elkartearen koherentzia mantendu duelako, emakume pilotarien baldintza onak eta gizarte osoaren segurtasuna, ardura eta kalitatezko aisialdia bermatzeko pausuak emanez. Azken batean, gure jarduna gizartearen aisialdiaren parte ere badelako, eta horregatik, kalitatezko entretenimendua sustatu nahi dugu, gure baldintzak eta erabakiak errespetatuko dituena eta, horretarako, halako osasun egoera baten aurrean arduraz jokatzea dagokigu. Horrez gain, EPEk adierazten du desadostasuna agertzen duela Master Cup txapelketak hartutako jarrerarekin, pilotarien behar eta nahiei begiratu beharrean bere probetxu eta interes propioak lehenesten ari delako.
EPEk eskua luzatzen dio elkarlanean jardun nahi duen orori, eta horrenbestez, baita Master Cup txapelketako antolatzaileei ere, guztion onurarako arituko bagara. Denoi dagokigu pilotaren egitura duina lortzeko ardura, gizon zein emakume, pilotari guztien mesedetan.

Patri Espinar: Pareta bat dagoen lekuan frontoia ikusten du

EPEko pilotaria den Patri Espinar, beste guztiok bezala, etxetik irten ezinda dago. Aspaldian ez du frontoia zapaldu, eta aspaldi ez ditu praka zuriak jantzi. Dena dela, pilota ez du ahaztu, ez du nahi bere eskuek pilota ahaztu dezaten, eta ez du frontoiko mugimenduetan erakusten duen abilezia galdu nahi. Ezinbestean, etxeko sukaldea frontoi bihurtu du Patrik. Han egiten ditu pilotako mugimenduak (espazioak uzten dionaren arabera), han lantzen ditu eskuak, eta han asetzen du, neurri batean bada ere, pilota gosea.

Patri Espinar ez da badaezpadako pilotaria. Bere palmaresean denetik dago, borroka eta lan handia eginez lortutako garaipenak, eta entrenamendu zorrotz eta serioen emaitza. Horregatik, eta bide horretatik jarraitzea helburu duela, Patrik ez ditu bere entrenamenduak alde batera utzi salbuespenezko egoera honetan, eta ahal duen bezala entrenatzen ari da.
Benetan bizi dugun zerbait barru-barruan daramagunean, edozein lekutan bilatzen ditugu hori asetzeko moduak, edozein unetan egiten ditugu loturak odolean borborka dugun horrekin. Pilotarako berezko sena dutenek frontoi bat ikusten dute pareta bat ikusten duten bakoitzean, eta Patrik, etxetik atera ezinik dagoen egunotan, sukaldean frontoia irudikatu eta piloteatzen aritzen da. Bestelako ariketekin ere tartekatzen du piloteoa, entrenamendu osoa eginez, pilota barru-barruan bizi duen eta pilotan jokatzea profesionaltasunez hartzen duen bati eskatu dakiokeen guztia. Gizarteak eta instituzioek profesionaltasunez tratatzea falta da orain, eta horretarako borrokan ari da Patri, EPEko lehendakaria, gainerako EPEkideekin batera.

Artikulua gazteleraz El CORREOko web gunean ikusi

 

Eskuzko EmP txapelketaren 2.edizioko finalak Zestuan

1. Eskuz binaka, 2. maila: BARROCAL-AGIRRE 10-22 TOLOSA-ARRAIZA
2. Eskuz binaka, 1. maila: ESPINAR-Nora MENDIZABAL 21-22 ARRIETA-Maddi MENDIZABAL

Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak (GEPEk) bigarren urtez antolatu du Eskuzko Emakumea Pilotari Txapelketa. Abenduan hasita, finalak Otsailaren 14 ean jokatu dira.

Joan den ostiralean izan ziren ikusgai finalerdiak, Alegiako Elorri frontoian. Maila bakoitzean 2. eta 3. postuan sailkatutako bikoteak izan ziren aurrez aurre, 1. postuan sailkatutakoek finalerako zuzeneko txartela lortua baitzuten: Espinar-Nora Mendizabal eta Barrocal-Agirre, 1. eta 2. mailan, hurrenez hurren. Hauexek izan ziren finalerdietako emaitzak:
1. Eskuz binaka, 2. maila:
TOLOSA-ARRAIZA 22-18 ZUBIZARRETA-ETXEBERRIA

2. Eskuz binaka, 1. maila:
ARRIETA-Maddi MENDIZABAL 22- 18 Maider MENDIZABAL-BADIOLA

Miriam Arrillagari Aginagan omenaldia

Gaur Aginagan bi partidu jokatu dira.

Aurrena emakumezkoena, tartean herrikoa den Miriam. Eta ondoren bigarren mailako gizonezkoena. Jaialdiko argazkiak ikusteko sakatu HEMEN.

M.Arrillaga,M.Mendizabal 16-22 P.Espinar,O.Orbegozo

Arteaga II-Urretabizkaia II 20-22 Peña II-Aranguren

Miriam Arrillaga

EPEko pilotariak txapeldunak GMGZ Kinieletan

Larruzko paletaz txapeldunak IRAZUSTABARRENA-ARAIZTEGI

Eskuz txapelduna ETXANIZ

Atzo abenduak 29 Getxon GMGZak antolatuta EPEko 6 pilotarik hartu zuten parte NESKEN I. GABON KINIELAn.

Larruzko pilotaz aritu ziran:

IRAZUSTABARRENA (Hernani)-ARAIZTEGI (Mallabia) 25

ISASMENDI (Gasteiz)MURGA (Amurrio) 10

FLAVIANO (Larrabetzu)-MENDIZABAL (Anoeta) 17

Eskuz:

ETXANIZ (Etxebarria) 22

ARRIZABALAGA (Munitibar) 20

ALDAI (Arratia) 08