Patri Espinar: Pareta bat dagoen lekuan frontoia ikusten du

EPEko pilotaria den Patri Espinar, beste guztiok bezala, etxetik irten ezinda dago. Aspaldian ez du frontoia zapaldu, eta aspaldi ez ditu praka zuriak jantzi. Dena dela, pilota ez du ahaztu, ez du nahi bere eskuek pilota ahaztu dezaten, eta ez du frontoiko mugimenduetan erakusten duen abilezia galdu nahi. Ezinbestean, etxeko sukaldea frontoi bihurtu du Patrik. Han egiten ditu pilotako mugimenduak (espazioak uzten dionaren arabera), han lantzen ditu eskuak, eta han asetzen du, neurri batean bada ere, pilota gosea.

Patri Espinar ez da badaezpadako pilotaria. Bere palmaresean denetik dago, borroka eta lan handia eginez lortutako garaipenak, eta entrenamendu zorrotz eta serioen emaitza. Horregatik, eta bide horretatik jarraitzea helburu duela, Patrik ez ditu bere entrenamenduak alde batera utzi salbuespenezko egoera honetan, eta ahal duen bezala entrenatzen ari da.
Benetan bizi dugun zerbait barru-barruan daramagunean, edozein lekutan bilatzen ditugu hori asetzeko moduak, edozein unetan egiten ditugu loturak odolean borborka dugun horrekin. Pilotarako berezko sena dutenek frontoi bat ikusten dute pareta bat ikusten duten bakoitzean, eta Patrik, etxetik atera ezinik dagoen egunotan, sukaldean frontoia irudikatu eta piloteatzen aritzen da. Bestelako ariketekin ere tartekatzen du piloteoa, entrenamendu osoa eginez, pilota barru-barruan bizi duen eta pilotan jokatzea profesionaltasunez hartzen duen bati eskatu dakiokeen guztia. Gizarteak eta instituzioek profesionaltasunez tratatzea falta da orain, eta horretarako borrokan ari da Patri, EPEko lehendakaria, gainerako EPEkideekin batera.

Artikulua gazteleraz El CORREOko web gunean ikusi

 

Ane Ibañez egoera honetan lehenengo lerroan dagoen pilotaria

Denoi eragin digu Covid-19 delakoak. Baita pilotarioi ere. EPEko kideok bere horretan utzi behar izan dugu gure jarduna, gure partidak, gure entrenamenduak… Alta, ez digu pilotari guztioi berdin eragin, EPEko kide bati modu berezi batean eragin baitio: Ane Ibañezi. Ane palista da, trinketea du bere habitat, baina, azken asteotan, kirola utzi eta bere lanari sekula baino lotuago dago. Izan ere, Ane Ibañez erizaina da Txagorritxuko ospitalean. Orain arte trinketea eta ospitalea uztartzen bazituen ere, orain paleta utzi eta orratzari heldu dio, galtza zuriak kendu eta erizainaren uniformeari itsatsi zaio, maskarila bategatik aldatu ditu palan jokatzeko segurtasun betaurrekoak.

Azken egunotan komunikabideetan izan dugu Ane, erizain modura oraingoan. Hala ere, palista moduan ere azaldu izan da medioetan, palmares esanguratsuaren jabe baita. Anek, osasungintzako gainerako langileek bezala, pazientzia eskatu du, zentzuz jokatzea, norbere burua eta ingurukoak zaintzea, animoari eustea. Guk, gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiogu, emandako guztiak ere gutxiegi izango direla jakinda. Egun hauetako txaloek zuretzat ere badira, Ane. Baina jarrai dezagun txaloka krisi hau gainditzen dugunean ere. Anegatik, eta gure osasuna eta bizitza zaintzen duten guztiengatik. Krisian eta krisitik kanpo. Orain eta gero.

https://zuzeu.eus/euskal-herria/ane-ibanez-txagorritxuko-erizaina/