Leire Etxaniz EPEko pilotari etxebarriarrak uko egin dio Master Cup txapelketako finalerdia jokatzeari.

Txapeldun handietan handienetakoa da Etxaniz, batez ere Master Cup-ari dagokionean, jokatutako txapelketa gehienak berak irabazi baititu: binakako hiru txapelak eta banakako bi txapel (jokatutako hiruetatik). Ezbairik gabe, txapelaren neurrira eginda dago Etxaniz.
Hala ere, pandemiak ekarri duen egoerarekin eta bere buruarekin koherente jokatu du, eta ez du laugarren txapela lortzeko aukerak itsutu. Dioenez, goizegi da oraindik, pilotariek denbora asko daramate ganoraz entrenatu gabe, eta Master Cupen arabera, bata bestearen atzetik jokatu beharko lirateke semifinala eta finala (ekainaren 26an eta 28an, hurrenez hurren). Horrez gain, osasun larrialdiak ere kezkatzen du Etxaniz, familian gertutik bizitzen ari baita Covid-19a. Horregatik, bere lehentasunak beste batzuk dira, eta koherentziaz jokatzea lehenetsi du.
Txapelketaren antolakuntzak ordezkoak bilatu ditu, baina garbiegi ez jokatu izana egotzi zaie antolatzaileei. Izan ere, orain arteko txapelduna kanpoan utzi du. Etxanizek, data horietan ez zuela jokatuko esan zion antolakuntzari (osasun larrialdia eta horrek ekarri dituen entrenamendu falta kontuan hartuta), baina berak ez dio txapelketari uko egin. Gainera, kirol testuingurua ikustea besterik ez dago: profesional zein federatuen txapelketa eta partidu guztiak bertan behera geratu dira, eta oraindik ezin da jakin noiz hasiko diren. Beraz, EPEren ustetan, honek erakusten du egitura duin baten eta ardurazko erabakien falta dagoela txapelketa honetan.
EPE elkartea lanean ari da pilotarien baldintzak hobetzeko, bai txapelketa honetan eta baita, orokorrean, pilotaren munduan ere. Egitura duin eta serio baten alde apustu egiten du elkarteak, eta federazioekin elkarlanean, hori sustatu nahi du bai txapelketa publiko zein pribatuetan. Horregatik, babes osoa azaltzen dio elkarteko kide den Leire Etxanizi, bere erabakiarekin elkartearen koherentzia mantendu duelako, emakume pilotarien baldintza onak eta gizarte osoaren segurtasuna, ardura eta kalitatezko aisialdia bermatzeko pausuak emanez. Azken batean, gure jarduna gizartearen aisialdiaren parte ere badelako, eta horregatik, kalitatezko entretenimendua sustatu nahi dugu, gure baldintzak eta erabakiak errespetatuko dituena eta, horretarako, halako osasun egoera baten aurrean arduraz jokatzea dagokigu. Horrez gain, EPEk adierazten du desadostasuna agertzen duela Master Cup txapelketak hartutako jarrerarekin, pilotarien behar eta nahiei begiratu beharrean bere probetxu eta interes propioak lehenesten ari delako.
EPEk eskua luzatzen dio elkarlanean jardun nahi duen orori, eta horrenbestez, baita Master Cup txapelketako antolatzaileei ere, guztion onurarako arituko bagara. Denoi dagokigu pilotaren egitura duina lortzeko ardura, gizon zein emakume, pilotari guztien mesedetan.

EPEko pilotariak emakumezkoen torneo esanguratsuetan oso errendimendu onarekin

2019-20 denboraldi hasiera honetan, neska pilotariak mutilen antzera beraien probintzietako txapelketak jokatzen ari dira; hala nola elkarteen arteko Gipuzkoako, Arabako, Bizkaiako edota Nafarroako txapelketak, paletaz zein eskuz (egiten den probintzian). Txapelketa guzti hauetan EPEko pilotarien presentzia nabaria izaten ari da eta azken faseetara asko iritsi dira.

Lehiaketa hauetaz gain, beste torneo pribatu batzuk ere antolatzen dira neskentzat, bai eskuz eta bai palaz. Hauen artean esanguratsuenak direnetan EPEko pilotarien joko maila ona aipagarria izaten ari da.

Pasa den astelehenean aurkeztu zen Andrazkoen Larruzko Paletako II. Bizkaia Torneoa Bilbon. Guztira, maila altuenetakoa duten 8 pilotarik parte hartuko dute, lau bikotez osaturiko multzo bakar batean. Joaneko ligaxka baten ondoren, lehenengo bi sailkatuak finala jokatuko dute. Aipatu, 8 pilotari hauek EPEko kideak direla eta Euskal Erkidegoko probintzietakoak. Paleta larruz jokatzea ez da oso ohikoa nesketan baina Arabako neska federatuei ematen diete jokamolde honetan mutilekin aritzeko aukera. Bizkaian berriz saioren bat egin izan dute batzuk eta Gipuzkoan berriz zuzenean gomazko paletarekin ondoen aritzen diren pilotariak hartu dira eta jokamolde hau praktikatzen hasi dira. Ondorioz, neskak larruzko paletan oraindik beraien mailarik onenera iritsi ez diren arren, dagoeneko oso ondo moldatzen ari dira eta Bizkaia Torneoan ikuskizun polita ematea espero da. EPEko pilotari hauen nahia hauxe da, jokamolde berrira ahalik eta ondoen moldatu eta espektakulu polit zein ezberdina emanez partida onak egitea. Torneo hau abenduaren 13, 20, 27 eta urtarrilaren 4an jokatuko da. Lehenengo jardunaldia Larrabetzun eta beste guztiak Bizkaia frontoian. Finala ETB-k eskainiko du zuzenean.

Eta bestetik, egun bisibilidade eta garrantzia mediatiko gehien duen Master Cup txapelketaren inguruan esan, aurtengoan 4 maila ezberdindu direla eta igande honetan bi maila nagusienetako finalak jokatuko direla Barakaldon, eguerdiko 12:00etan (ETB1-ean zuzenean). Emakume Pilotarien Elkartetik oso oso pozik gaude bi finaletako protagonistak EPEko kideak direlako. Honek argi uzten du besteak beste zein mailatako pilotariak ditugun gure elkartearen barnean.

Alde batetik, toke erdiko finalean elkarte berdinekoak (Anoetako Su-Berri elkartea) diren bi pilotari arituko da nor baino nor: Miren Larrarte bidaniarra eta Miriam Arrillaga zubietarra.

Eta 1. mailako final handian partida handia ikusteko aukera izango da, izan ere oso oso maila oneko bi pilotari arituko baitira elkarren aurka. Bata zein bestea 4 1/2ko txapeldunak izan dira aurreko edizioetan. Leire Etxanizek 2017koa irabazi zuen eta Patri Espinarrek berriz 2018koa. Aurrez aurre bi bizkaitar, bata Etxabarrikoa (Leire) eta bestea Usansolokoa (Patri, nahiz eta honek urteak daramatzan

Gipuzkoan bizitzen). Leire eta Patri gaur egun eskuz jokatzen duten pilotarien artetik onenak direla esango genuke. Nahiz eta bi hauek txapelketa pilota

goxoarekin jokatu duten, toke erdikoarekin jokatzeko ez lukete arazo handiegirik izango. Eskuak egin, entrenatu eta ziur punta puntako pilotariak izango liratekeela toke erdiko pilotarekin ere.

Emakumezkoen eskuzko final handi honetan ikuskizuna ziurtatua dago hasiera batean eta espero dugu ikusleek disfrutatzea, pilotariek euren maila ematea eta emakumezkoen pilotak gizarte honetan lekutxo bat baduela erakustea.