AZPEITIA. EMAKUME PILOTARIEN ELKARTEAREN (EPE) II. ASANBLADA

Joan den uztailaren 18an Azpeitiko Emakumeen Txokoan egin genuen Emakume Pilotarien Elkartearen (EPE) urteko batzar orokorra. Aurrez, zuzendaritza batzordeak bidalitako dokumentu eta gai-ordena aztertuta joan ginen bilerara, modu horretan informazio osoa era gardenean jasota.

Azpeitian 30 bat kide elkartu ginen. Bizi dugun egoera aintzat hartuta, aurrez prestatu genuen lekua aulkien arteko distantziak gorde ahal izateko. Horrez gain, bestelako osasun-neurriak ere hartu genituen: uneoro maskarekin, eskuak garbituz, distantziak gordez eta bilera bukatzerakoan erabilitako espazioa desinfektatuz. Herritar guztioi dagokigu erantzukizunez jokatzea eta, hargatik, EPEko kideok ere gure gain hartu genuen ardura hori.

10:30etan elkartu ginen Emakumeen Txokoko atarian. Udako giro eguzkitsua eta sanoa, aldartean ere nabari zitzaigun. Berriz elkartzeko gogoz ginen. Bilera oso ondo joan zen, giro onean eta jende askoren parte hartze aktiboarekin. Hainbat erabaki hartu genituen, horien artean, EPEren norabide aldaketa eta zuzendaritza batzorde berria. Indarberrituta eta animo handiz bukatu genuen bilera, aurrera jarraitzeko gogoz eta, ziurrenik, duela urtebete EPE eratu zenean baino sendoago, koherenteago eta argiago. Bukatzean, talde argazkia atera genuen, gure indarraren eta batasunaren adierazgarri.

Eguna, ostera, ez zen hor bukatu. Handik bazkaltzera joan ginen, aspaldi frontoian egindako lagunekin zein EPEren bitartez ezagutu dugun jendearekin. Izan ere, hori ere bada gure helburua: pilotariek elkar ezagutzea, saretzea, bat egitea. Emakumeen pilota pilotarien beraien ekimenez bultzatzea, pilotariok eta emakumeok izan gaitezen onuradun nagusiak. Hartara, paraleloki, gizarte osoaren onuran eta mundu hobe baten eraikuntzan.