Irailaren 3tik 6ra ospatu zen estatuko kluben arteko paleta txapelketa, Palencian. F30 modalitatean jokatu zen, hau da, 30 metroko frontoian paleta argentinarraz. Amaia Irazustabarrena hernaniarrak bere herriko kluba ordezkatuz jokatu du txapelketa hori, eta emaitza onak lortu ditu. Orain arte binaka jokatzen zen modalitate honetan, baina aurten, modalitatea olinpiko bihurtzeko asmoarekin, banaka jokatu dute txapelketa. Berritasun hori eta Covid-19ak eragindako egoera dela eta ganorazko entrenamendurik ezin egiteak lanak zaildu dizkie pilotariei. Egoera kontuan hartuta, beraz, lan txukuna eginda itzuli zen Amaia Irazustabarrena, finalerdietaraino sailkatzea lortu baitzuen.

Irazustabarrena bezala EPEko kidea den Irati Igoa nafarrak ere parte hartu zuen txapelketan, nahiz eta ez zuen aurrera egiteko aukerarik izan. Dena dela, kontuan hartu behar da estatuko pilotaririk onenak egon direla txapelketan, eta bertan parte hartu ahal izatea ere nahikoa lorpen dela. Hori horrela, EPE ondo ordezkatuta egon da, elkarteko bi pilotarik hartu baitute parte, aldi berean, bakoitzak bere klub propioa ordezkatuz (Irazustabarrena: Hernani; Igoa: Gure Pilota, Etxarri-Aranaz).