III.Bizkaia paleta Txapelketaren Finalak

EITB-n ikusgai: sakatu HEMEN

Txapeldunak: A.Irazustabarrena(CD.HERNANI) eta M.Arrillaga(SU-BERRI)

Bigarrenak: L.Galdos (SU-BERRI) eta M.Mendizabal(SU-BERRI)

3eta 4

Hirugarrenak: N.Martin eta L.Etxaniz(OLARRETA PE)

Laugarrenak: M.Larrarte(SU-BERRI) eta I.Erasun(SU-BERRI)

Bizkaia Torneoko paleta larruzko txapelketaren finalak jokatu ziren igandean, hilaren 2an, Bilboko pilotaleku nagusian. Hirugarren edizioa du txapelketak eta, urtetik urtera, arrakasta eta sona gero eta handiagoa lortzen ari da. Argi geratu da, beste behin, emakumeok frontoian dugun maila, kasu honetan, paletaz. Izan ere, betidanik jokatu izan dute emakumeek erramintaz, raketistak direlarik horren adibide nabarmenena. Gainbehera baten ostea, 90eko hamarkadan Gipuzkoan hasi ziren emakumeen paleta egituratzen, eta pixkanaka-pixkanaka, hamarkadaz hamarkada, sendotasuna, oinarria eta kalitatea irabazi ditu.

Urteetako lan horren emaitzetako bat izan zen igandeko finala. Izan ere, lau pilotarien kalitatea urteetako lanaren ondorio da. Gainera, horietatik beteranoena, Su-Berri klubeko pilotaria den Maider Mendizabal, oinarri hori ezartzen ibili zen 90eko hamarkadan, eta lan haren fruituak kantxan bertan dastatu ahal izan zituen igandean. Mendizabalek Leire Galdos Su-Berri klubeko oiartzuar gaztearekin jokatu zuen. Oinarria eta urteetako aurrerakuntza izan dira Galdosen ibilbidea kalitatez hornitu dutenak, gaztea izanagatik, federazioen eta kluben oinarrizko lanak ekarri baitu gorengo mailaraino. Finala galdu zuten, baina hurrengo finaletan ere ez dira urruti ibiliko.

Irabazleak ere umetatik frontoian ari diren bi pilotari: Amaia Irazustabarrena hernaniarra eta Miriam Arrillaga aginagarra. Biak ala biak Gipuzkoako bi kluben ordezkari (Hernani eta Su-Berri, hurrenez hurren), umetatik izan dute bi klub horien babesa, haietan hazi dira eta urtez urte hazten joan dira.

Finala ez zen uste bezain ona izan. Tentsioa eta final bat jokatzearen presioa tarteko, pilotariak ez zuten beraien mailarik onena eman ahal izan. Hala ere, tanto peloteatuak eta amaiera bikaineko jokaldiak ikusi ahal izan genituen.

Kalitate aldetik partidu hobea izan zen hirugarren eta laugarren postuen arteko lehiakoa. Bertan, Miren Larrarte (Su-Berri kluba) eta Itsaso Erasun (Su-Berri kluba) Nagore Martin eta Leire Etxanizen(Olarreta P.E) aurka lehiatu ziren. Partida luzea, gogorra eta bikaina jokatu zuten lau pilotariek. Etxanizek defentsa ikaragarria erakutsi zuen atzean, eta Erasunek bikain kolpatu zuen pilota atzetik. Aurrelariek beraien kalitatea demostratu ahal izan zuten, eta Larrartek bere ezker zoragarriarekin hainbat pilotakada on bota zituen. Nagore Martin defentsan ibili zen gehiagotan, baina hanka azkar eta indartsuak dituela erakutsi zuen. Azkenean, beteranotasunak irabazi zuen, partida luzeari aurre egiten jakin zutelako. Martin eta Etxaniz izan ziren garaile, baina jokatu zuten partidua ikusita, lau pilotariek merezi zuten irabaztea.

Finalak zein hirugarren eta laugarren postuak jokatu zituzten pilotari gehienak EPE elkarteko kideak dira, eta elkartearentzat harro egoteko moduko arrazoia da. Bakoitzak bere klubaren izenean jokatu zuen, eta bere kluba defendatu zuen. Hala ere, EPEko kide diren aldetik, klub horiek indartzeko eta emakumezkoen paletari indarra ematen jarraitzeko ahaleginean ere badihardute.

DV egunkariatik jasota

Hernaniko Kronika