TILOS 7 PASA – 2021-11-06

Larunbat goizean jokatu ziren Hernanin Tilos 7 pasa txapelketako finalak. Herriko txapelketa entzutetsuenean ikusleek ez zuten hutsik egin, eta Tilosetako plaza bete-beteta ageri zen goizeko lehenengo ordutik. 10:00etan jokatu zen lehenengo partida eta luze jo zuen goizak. Bigarren partidan emakumeen txapelketako finalak jokatu ziren, eta bertan parte hartu zuten EPEko bi kidek: Enara Mazizior eta Ainhoa Urien. Elkarren aurka jokatu zuten partida, Ane Kerejeta eta Jone Antsotegi bikote zituztela, hurrenez hurren.

Partida ona jokatu zuten lau pilotariek, nahiz eta Mazizior-Kerejeta bikotea hasieratik nagusitu zen. Tanto bikainak bukatu zituzten aurrelariek eta atzelariek pilotakada onak eta defentsa sendoa erakutsi zuten. Ikusleek gozatu handia hartu zuten eta abagune bikaina izan zen emakumezkoen pala maila aldarrikatzeko.

Mazizior-Kerejeta bikoteak alde handia hartu zuen markagailuan, baina partidu bukaera aldera gerturatu egin zitzaizkien Urien eta Antsotegi. Azkenean, 22-15 bukatu zen finala, eta ikusleek txalo zaparrada batez eskertu zuten lau pilotarien lana.

 

 

Por EPE

Social media & sharing icons powered by UltimatelySocial