Estatuko Frontball finalak Agoitzen

https://youtu.be/vhvT-tXPzsU
Miriam Arrillaga 2.Sailkatua

Gaur goizean jokatu dira Agoitzeko frontoian Espainiako frontball txapelketako finalak. Bertan, emakumezkoen senior kategorian, EPEko kide eta SuBerri klubeko pilotaria den Miriam Arrillagak jokatu du. Bere aurkaria Iera Agirre leitzarra izan da. Final borrokatua jokatu dute. Lehenengo jokoa galdu du Arrillagak, baina bigarrenean buelta eman eta hirugarren joko bat behartu du. Azken joko definitiboan, hala ere, Arrillagak ezin izan du txapela bereganatu. Dena dela, harro egoteko moduko txapelketa jokatu du, eta finalean ere lanak eman dizkio Agirreri.

Finalerako bidean geratu dira EPEko beste pilotari batzuk ere. Miren Larrartek (SuBerri klubeko kidea) 21urtez azpiko txapelketan parte hartu du, txapelduna izan zen Salsamendiren kontra galdu zuen. Itsaso Erasunek (SuBerri kluba) finalerdia galdu zuen txapeldun geratu den Iera Agirreren kontra.
Beraz, Espainiako Frontball txapelketan ere EPEko kideek bikain ordezkatu dituzte beraien klubak, maila ona eta emaitza txukunak eskuratuz.

III.Bizkaia paleta Txapelketaren Finalak

EITB-n ikusgai: sakatu HEMEN

Txapeldunak: A.Irazustabarrena(CD.HERNANI) eta M.Arrillaga(SU-BERRI)

Bigarrenak: L.Galdos (SU-BERRI) eta M.Mendizabal(SU-BERRI)

3eta 4

Hirugarrenak: N.Martin eta L.Etxaniz(OLARRETA PE)

Laugarrenak: M.Larrarte(SU-BERRI) eta I.Erasun(SU-BERRI)

Bizkaia Torneoko paleta larruzko txapelketaren finalak jokatu ziren igandean, hilaren 2an, Bilboko pilotaleku nagusian. Hirugarren edizioa du txapelketak eta, urtetik urtera, arrakasta eta sona gero eta handiagoa lortzen ari da. Argi geratu da, beste behin, emakumeok frontoian dugun maila, kasu honetan, paletaz. Izan ere, betidanik jokatu izan dute emakumeek erramintaz, raketistak direlarik horren adibide nabarmenena. Gainbehera baten ostea, 90eko hamarkadan Gipuzkoan hasi ziren emakumeen paleta egituratzen, eta pixkanaka-pixkanaka, hamarkadaz hamarkada, sendotasuna, oinarria eta kalitatea irabazi ditu.

Urteetako lan horren emaitzetako bat izan zen igandeko finala. Izan ere, lau pilotarien kalitatea urteetako lanaren ondorio da. Gainera, horietatik beteranoena, Su-Berri klubeko pilotaria den Maider Mendizabal, oinarri hori ezartzen ibili zen 90eko hamarkadan, eta lan haren fruituak kantxan bertan dastatu ahal izan zituen igandean. Mendizabalek Leire Galdos Su-Berri klubeko oiartzuar gaztearekin jokatu zuen. Oinarria eta urteetako aurrerakuntza izan dira Galdosen ibilbidea kalitatez hornitu dutenak, gaztea izanagatik, federazioen eta kluben oinarrizko lanak ekarri baitu gorengo mailaraino. Finala galdu zuten, baina hurrengo finaletan ere ez dira urruti ibiliko.

Irabazleak ere umetatik frontoian ari diren bi pilotari: Amaia Irazustabarrena hernaniarra eta Miriam Arrillaga aginagarra. Biak ala biak Gipuzkoako bi kluben ordezkari (Hernani eta Su-Berri, hurrenez hurren), umetatik izan dute bi klub horien babesa, haietan hazi dira eta urtez urte hazten joan dira.

Finala ez zen uste bezain ona izan. Tentsioa eta final bat jokatzearen presioa tarteko, pilotariak ez zuten beraien mailarik onena eman ahal izan. Hala ere, tanto peloteatuak eta amaiera bikaineko jokaldiak ikusi ahal izan genituen.

Kalitate aldetik partidu hobea izan zen hirugarren eta laugarren postuen arteko lehiakoa. Bertan, Miren Larrarte (Su-Berri kluba) eta Itsaso Erasun (Su-Berri kluba) Nagore Martin eta Leire Etxanizen(Olarreta P.E) aurka lehiatu ziren. Partida luzea, gogorra eta bikaina jokatu zuten lau pilotariek. Etxanizek defentsa ikaragarria erakutsi zuen atzean, eta Erasunek bikain kolpatu zuen pilota atzetik. Aurrelariek beraien kalitatea demostratu ahal izan zuten, eta Larrartek bere ezker zoragarriarekin hainbat pilotakada on bota zituen. Nagore Martin defentsan ibili zen gehiagotan, baina hanka azkar eta indartsuak dituela erakutsi zuen. Azkenean, beteranotasunak irabazi zuen, partida luzeari aurre egiten jakin zutelako. Martin eta Etxaniz izan ziren garaile, baina jokatu zuten partidua ikusita, lau pilotariek merezi zuten irabaztea.

Finalak zein hirugarren eta laugarren postuak jokatu zituzten pilotari gehienak EPE elkarteko kideak dira, eta elkartearentzat harro egoteko moduko arrazoia da. Bakoitzak bere klubaren izenean jokatu zuen, eta bere kluba defendatu zuen. Hala ere, EPEko kide diren aldetik, klub horiek indartzeko eta emakumezkoen paletari indarra ematen jarraitzeko ahaleginean ere badihardute.

DV egunkariatik jasota

Hernaniko Kronika

Emakume pilotariek dagokien lekua izan nahi dute Donostian

Hirutxuloko Hitzatik jasota

Emakume Pilotarien Elkarteak (EPE) Eliteko Emakume Pilotarien Donostia Saria sortzeko eskatu dio udalari, eta proposamena gaur bertan erregistratu dute. Egitasmoa aurkezteko, prentsaurrekoa egin dute EPEko Garbiñe Tijero, Maider Mendizabal eta Leire Galdos kideek, eta azaldu dute “emakume pilotariak ikusgarri egin” nahi dituztela, hirian “dagokien lekua” izan dezaten. Tijero eta Mendizabal pilotari beteranoak dira, eta Galdos 20 urteko pilotari gaztea, aurreko bien arabera, “etorkizun handikoa”. Eskaera erregistratzeaz gain, EPE-k hitzordu bat eskatu du Martin Ibabe Kiroletako zinegotziarekin. EH Bilduk proposamena babestu du, eta Reyes Carrere zinegotzi eta bozeramailea prentsaurrekoan egon da; nabarmendu du EPE-ren proposamenak “emakume kirolarien duintasuna” aldarrikatuko duela.

Emakume Pilotarien Donostia Saria asteburu bateko txapelketa azkarra izango litzateke, eta EPE-ren ustez, Donostia leku “oso egokia” da antolatzeko. Izan ere, hirian beti “pilota tradizio handia” egon dela nabarmendu dute, eta hainbat mugarri historiko azpimarratu ditu Mendizabalek: “1990ean, Intxaurrondon elkartu ziren lehenengo emakume palista federatuak entrenatzaile batekin, 2004an Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak Emakumea Pilotari proiektua abiatu zuen, Gipuzkoako zortzi udalerri nagusienen parte-hartzearekin, tartean, noski, Donostia. Proiektua 14 urtez egon zen funtzionamenduan, eta asko erabili ziren Donostiako instalazioak: Atano, Karmelo Balda, Gaskako trinketea, Intxaurrondoko frontoia, Altzakoa, eta abar. Gainera, Donostian aisialdirako pala ikastaroetan ia 60 emakumea biltzea lortu izan dute”.

Historian atzerago ere egin du Mendizabalek, Donostiako pilota tradizioa agerian uzteko: “XX. mendearen hasieran emakume erraketistek presentzia handia izan zuten. Gainera, erraketisten enpresa gizon garrantzitsuena donostiarra zen: Ildefonso Anabitarte puntista ohia. 1919. urtearen inguruan, erraketistek Igeldoko frontoia inauguratu zuten, eta Maria Cristina erregina egon zen. Grosen, berriz, 1938an inauguratu zen pilotalekuan erraketistentzako eskola antolatu zuten, eta Donostiako zein inguruko neskak hara joaten ziren ikastera. Era berean, lehenengo erraketista profesionalak handik atera ziren: hogei inguru atera ziren eskola hartatik, eta batek Donosti izenarekin jokatzen zuen”.

Txapelketaren nondik norakoak

“Emakume pilotarien jokoa gehiago balioetsiko den pilotalekua” erabili nahi dute txapelketa egiteko: Antiguakoa. “Atano frontoiak bezain beste xarma du, polita da eta pilota zaletasuna du. Gainera, txikiagoa denez, egokiagoa da emakumeon jokoarentzat, eta jokoa azkarragoa izango da, errebote gehiagorekin, eta abar. Emakumeon jokoaren ikusgarritasuna handiagoa izango da, eta gure gaitasuna hobeto erakutsiko dugu”, azaldu du Mendizabalek.

Izan ere, EPE-koak azaldu du azken urteotan Donostiako pilota txapelketetan emakumeak ere sartu dituztela, baina “antolatzaileak gizonezkoak direnez, ez dute emakumezkoen pilota behar bezala ezagutzen, eta gizonezkoen egituretara bideratzen dute dena. Argi dago berdintasunerako asko falta dela hemen ere bai”.

Horrela, bi modalitate izango lituzke txapelketak: eskuzko banakakoa (lau pilotari) eta gomazko palazko binakakoa (lau bikote). Eliteko jokalariak egongo lirateke, eta jokalari beteranoek zein gazteek hartuko lukete parte: Patri Espinar, Leire Etxaniz, Miren Larrarte, Miriam Arrillaga, Maider Mendizabal, Amaia Irazustabarrena, Maider Huizi eta Ariane Arrieta, esaterako. Era berean, Tijerok azpimarratu du “munduko emakumezko pilotaririk onena” ere egongo litzatekeela: Iparraldeko Maritxu Housset, hain justu.

Txapelketa Aste Nagusian jokatzea proposatu dute, baina azaldu dute koronabirusaren aurkako neurrietara egokituko liratekeela, eta iraileko Euskal Jaietan jokatzea ere aproposa irudituko litzaiekeela. Bestalde, txapelketako finalerdiak larunbatean jokatuko lirateke, eta finalak igandean. Proposamena aurrera ateratzeko itxaropentsu agertu dira, eta udalaren erantzunaren zain daude orain.

Larruzko Pilotako III. Bizkaia Paleta Txapelketa

Apirilaren 10ean hasiko da Larrabetzun

Sei bikotek jokatuko dute txapelketa apirilaren 10ean, 17an eta 24an, 17:00etan eta apirilaren 30ean, ostiralean, kasu horretan ere 17:00etan, finala jokatuko da.

EPE ko zortzi pilotari arituko dira bertan: Leire Etxaniz, Leire Galdos, Maider Mendizabal, Olatz Zulaika, Amaia Irazustabarrena, Mirian Arrrillaga, Miren Larrarte eta Itsaso Erasun.

Txapelketa apirilaren 10ean hasiko da Larrabetzuko pilotalekuan 17:00etan, bi partidarekin.

Lehenengo partida Nagore Martinek eta Leire Etxanizek Uxue Agirresarobe eta Maialen Landajoren aurka jokatuko dute eta bigarrena Leire Galdosek eta Maider Mendizabalek Udane Iturbe eta Olatz Zulaikaren aurka.

Apirilaren 17an izango da txapelketako bigarren jardunaldia, 17:00etan, Bizkaia frontoian, bi partidarekin. Lehenengo partida Amaia Irazustabarrenak eta Mirian Arrrillagak Uxue Agirresarobe eta Maialen Landajoren aurka jokatuko dute eta bigarrena, Miren Larrartek eta Itsaso Erasunek Udane Iturbe eta Olatz Zulaikaren aurka.

Gainera, hirugarren jardunaldia apirilaren 24an jokatuko da Bizkaia frontoian, kasu honetan ere 17:00etan eta bi partidarekin. Lehen partida Nagore Martinek eta Leire Etxanizek jokatuko dute Amaia Irazustabarrena eta Mirian Arrrillagaren aurka. Hirugarren jardunaldiko bigarren partida Leire Galdosek eta Maider Mendizabalek Miren Larrarte eta Itsaso Erasunen aurka jokatuko dute.

Finala apirilaren 30ean izango da, 17:00etan, Bizkaia frontoian.