EPEko kideak BULTZA kirolaren alde

Atzo larunbata, urtarrilak 9an hiru lurraldeetan manifestazioak antolatu ziren eskola kirolaren alde. Dakizutenez, pandemia egoera hau dela eta, azaroaz geroztik eskolako umeek kirola egita galerazita dute, bakarka ez bada.

Eskola kirola berriro hasteko eskaria egin dute herritarrek

berria.eus etik jasota:

GASTEIZ. Eskola kirola berriro martxan jartzeko eskatu zioten atzo eguerdian hainbat herritarrek Eusko Jaurlaritzari, Gasteizen, Bilbon eta Donostian eginiko mobilizazioetan. Bultza Kirola Euskadi plataformak eta SOS Eskola Kirolak-ek egin zuten deialdia, eta 550 elkartek eta 120 herrik egin zuten bat. Besteak beste, aldarrikatu zuten Jaurlaritzak «formula bat» bilatu beharra duela itzulera posible izan dadin. Izan ere, jakinarazi duten informazioaren arabera, azaroaren 11az geroztik ez da eskola kirolik egon.

Mobilizazioei 12:00etan ekin zieten, Kirola ezinbestekoa da lelopean. Gasteizen, Bilbo plazan hasi zuten manifestazioa; Bilbon, San Mames alboan; eta Donostian, Bulebarrean. Haien arabera, eskola kirola «funtsezkoa, onuraduna eta segurua» da, eta, beraz, erakundeei eskatu zieten aztertzeko beste leku batzuetan ere hartu diren neurriak, hala nola Europako beste lurralde batzuetan. Horrez gainera, eskola kirola «funtsezko jardueratzat» izendatzeko ere exijitu zuten bertaratu zirenek, besteak beste, kirol bat egitera ohituta daudenek horretarako aukera izan dezaten, betiere «ahalik eta segurtasunik handienarekin». Azken batean, azpimarratu dute kirola «egungo egoeraren arazoa bainoago, konponbidea» izan daitekeela.

Hala, Bultza Kirola Euskadi plataformak eta SOS Eskola Kirolak-ek ezarritako neurria indargabetzearekin batera, eskatu dute besteak beste entrenamenduak burbuiletan egiteko aukera aztertzeko, horrela «kutsatzeak murriztu eta kontrolatu» daitezkeela nabarmenduta.

Emakume Master Cup binakako txapelketaren finala

2020ko abenduaren 20an Arrigorriagako frontoian jokatu zen Emakume Master Cup binakako txapelketaren finala. Bertan jokatu zuen EPEko pilotaria den Patri Espinarrek, Naroa Agirrerekin bikotea osatuz, eta 22-15 galdu zuten Amaia Aldaik eta Ohiana Orbegozok osatutako bikotearen aurka. Emaitza gorabehera, Espinarrek demostratu du oraindik ere goi-mailan aritzeko moduan dagoela, eta pilotari gogorra dela. Izan ere, eskuak txikituta zeuzkan finala hasi zenetik eta, hala ere, ez zuen bukaerara arte amore eman. Lehenengo tantoetan aurre hartu zuten, baina segituan nabaritu zen Espinarren eskuin eskua oso gaizki zegoela. Ezin zuen pilota gogor kolpatu, eta ahal bezala eutsi zion. Bere atzelari Naroa Agirreren segurtasunak partidan sartuta egotea eragin dio bikoteari, eta galdu arren, partida ona egin dute.

Aldairen eta Orbegozoren jokoak gora egin zuen nabarmen. Partida hasieran oso ondo hasi ez baziren ere, Aldai jokoan sartu ahala, abiadura eman zion pilotari eta tantoak dominatu zituzten. Orbegozok oso lan txukuna egin zuen atzean, gutxi huts eginez eta zuloak tapatuz.

Txapelik lortu ez arren, EPE taldearentzat ohore handi bat da Patri Espinar bezalako pilotari bat elkarteko partaide izatea, maila horretan aritzea eta finaletan ikusgarritasuna izatea.

Geuria.eus en finalari buruzko azalpen gehiago irakurgai HEMEN

https://www.youtube.com/embed/TzC7mzp56i0

 

Palencian, estatuko kluben arteko txapelketa F30 ean

Irailaren 3tik 6ra ospatu zen estatuko kluben arteko paleta txapelketa, Palencian. F30 modalitatean jokatu zen, hau da, 30 metroko frontoian paleta argentinarraz. Amaia Irazustabarrena hernaniarrak bere herriko kluba ordezkatuz jokatu du txapelketa hori, eta emaitza onak lortu ditu. Orain arte binaka jokatzen zen modalitate honetan, baina aurten, modalitatea olinpiko bihurtzeko asmoarekin, banaka jokatu dute txapelketa. Berritasun hori eta Covid-19ak eragindako egoera dela eta ganorazko entrenamendurik ezin egiteak lanak zaildu dizkie pilotariei. Egoera kontuan hartuta, beraz, lan txukuna eginda itzuli zen Amaia Irazustabarrena, finalerdietaraino sailkatzea lortu baitzuen.

Palencia
Anne Maiza, Palencian egon zen animuak ematen

Irazustabarrena bezala EPEko kidea den Irati Igoa nafarrak ere parte hartu zuen txapelketan, nahiz eta ez zuen aurrera egiteko aukerarik izan. Dena dela, kontuan hartu behar da estatuko pilotaririk onenak egon direla txapelketan, eta bertan parte hartu ahal izatea ere nahikoa lorpen dela. Hori horrela, EPE ondo ordezkatuta egon da, elkarteko bi pilotarik hartu baitute parte, aldi berean, bakoitzak bere klub propioa ordezkatuz (Irazustabarrena: Hernani; Igoa: Gure Pilota, Etxarri-Aranaz).

Orozkon ,motorrak berotzen hasi dira

Izan ere,  Orozkoko Olgetan klubeko palistek Covid-19agatik bete beharreko protokoloa proban jartzeko,  gaur, irailak 12,  jokatu dira hiru pala partida Orozkoko kiroldegiko frontoian. Gogotsu aritu dira sei bikoteak. Orain arte entrenamendu gutxi izan badituzte ere, lehiatzera itzultzeko prest daudela erakutsi dute.

karteldegia 1.p
2p

Dagokion protokoloa aurrera eramateko oztoporik ez da izan eta palistak hurrengo lehia noiz izan zain daude.

Patri Espinar Berrian; Maite dut maite,Ascensiones

Patri Espinar; ascensiones
Arg. Jon Urbe

 

 

Artikulua BERRIA egunkarian argitaratu zen 2020. irailaren 4 ean.

Berrian irakurri.

«Catherine Destivelle erreferente bat da»

Esku pilotan txapelduna da Patri Espinar, baina mendia du bizibide: mendi gidaria da, besteak beste. Catherine Destivelle alpinista eta eskalatzailea du eredu, eta haren ‘Ascensions’ liburua gustatzen zaio.

Kirolari petoa da Patri Espinar (Galdakao, Bizkaia, 1985): pilotaria izateaz gain, alpinismoa eta eskalada ere jorratzen ditu. Bere afizio eta ofizio nagusian, kirolean, Catherine Destivelle alpinista eta eskalatzaile frantsesa du eredu. Hark 2003an idatzitako Ascensions liburua irakurtzeko gogoa zuen, eta bi egunean «irentsi» berri du.

Zergatik duzu gogoko Catherine Destivellen Ascensions liburua?

Gustura irakurri dut, Catherine Destivelle erreferente bat izan delako emakumezkoen alpinismoan eta eskaladan 1980ko hamarkadatik aurrera. Munduko eskalatzailerik hoberena izan da, eta niretzat beti izan da erreferente eta aitzindari bat eskaladaren munduan, eta emakumeen artean.

Nor da Catherine Destivelle zuretzat?

Erreferente bat eskaladan eta alpinismoan, eta emakume eskalatzaileen aitzindaria. Lehenbizikoa izan zen gauza ikaragarri zailak egiten. Munduko eskalatzailerik hoberena izateaz gain, kristoren igoerak egin ditu bakarka, eta bide berriak ireki. Ikaragarria izan da lortu duena.

Garrantzitsua da bizitzan erreferenteak izatea?

Bai horixe. Kirol munduan eta gainontzeko arloetan erreferenteak izatea garrantzitsua da horien ondoren datozenentzat. Horrela, baduzu nori erreparatu, ikusten duzu badabilela jendea horretan, eta ez zarela bakarra. Horrelako pertsonak eredu gisa hartzea ezinbestekoa da bide berriak zabaltzeko.

Antzekotasunik ikusten duzu Catherine Destivellen eta zure artean?

Aspektu batzuetan identifikatuta sentitu naiz harekin. Adibidez, bere momenturik gorenean zegoenean, ez zitzaion fama gehiegi gustatzen: ez zen eroso sentitzen protagonista izaten. Nik ere askotan sentitu dut hori. Badakizu erreferenteak sortzeko beharrezkoa dela hor egotea, baina niri telebistaren mundua ez zait gehiegi gustatzen: kontraesana sortzen du neure barruan, eta hari ere gauza bera gertatzen zitzaion.

Mendiak egin zuen ezagun Destivelle. Zein harreman duzu zuk mendiarekin?

Kirola beharrezkoa dut bizitzeko, eta berdina gertatzen zait mendiarekin eta naturarekin. Konfinamenduan are gehiago baieztatu nuen horrela dela. Mendian egiten diren jarduerak maite ditut: ez dago lehiarik, bizipen ederrak baizik. Horrek asko betetzen nau, eta askotan bilatzen dut mendian ibiltzea eta naturan egotea.

Mendia ere lantoki duzu?

Bai. Mendi gidaria naiz, eta emakumeentzat mendi orientazio ikastaroak eta eskaladakoak ematen ditut. Aurten proiektu berri bat sortu dut, eta mendizaletasunarekin du lotura: teknika bertikalak, korapiloak, sokak, tirolina eta biziraupena uztartzen ditu, naturan. Emozioei eta sentimenduei garrantzia ematen diegu, eta ikusten dugu nola ahalduntzen garen mendian ekintza horiek egiten, baita gure beldurrei nola aurre egiten diegun ere.

Non zaude erosoago: frontoian ala mendian?

Ni bi toki horietan oso eroso sentitzen naiz, eta bietan ditut oso bizipen politak.

Oztoporik izan duzu esku pilotan emakume izateagatik?

Lehen oztopoa zen nire herrian neska pilotari bakarra nintzela. Emakumeentzako lehiaketarik ez dagoela ikusten duzu gero, esaten dutelako ez dagoela emakumerik. Gero ikusi dugu emakumeak bazeudela, baina ez dutela emakumeen esku pilota bultzatzen. Nerabezaroan neska gehienek kirola utzi egiten zuten. Gaur egun, emakumeen esku pilota egituratzen ari gara, baina gizonengandik oso urrun gaude. Oraindik oztopo asko ditugu. Poliki-poliki goaz aurrera, baina lan handia dago egiteko.

Kirolak zuri zer ematen dizu?

Laguntzen nau neure burua ezagutzen, nire mugak esploratzen, konfiantza hartzen, ahalduntzen, pertsona hobea izaten, eta lagun asko eman dizkit. Bestalde, lagundu dit Euskal Herri osoa ezagutzen, eta euskara eta euskal kultura barneratzen.

Eta zer kendu dizu?

Osasuna, askotan, lesioengatik. Eta injustiziak pairatzen ditudanean, sufrimendua ere ekarri dit. Emakume pilotarien elkarteko lehendakari moduan nire pilotarien baldintzak hobetu nahi izan ditudalako, askotan, enpresari batzuek nire aurka jo dute txapelketa batzuetatik kanpo uzten. Injustizia horiek batzuetan motibazioa kentzen dute, baina orokorrean, ez dit gauza askorik kendu: gehiago da ematen didana.

Zein da zure ametsa?

Txikitan pilotari profesionala izatea zen nire ametsa: hori ez dut lortu, eta ez dut lortuko. Baina amesten ez nuen zerbait lortu dut: esku pilotako nazioarteko txapelketa bat bi aldiz irabaztea eta munduko pilotari hoberenaren saria jasotzea.