Errebotean ere bagara pilotari: Miriam Arrillaga

Pilotaren hainbat modalitateren artekoa da errebotea. Plaza luzean jokatzen da lau edo bost laguneko talde bi alde banatan jarrita. Sakea esku hutsez egiten da; jokoa, aldiz, eskularruz edo xisteraz.

Modalitate honetan ere gizonak nagusitu arren eta ikusgarritasun osoa bereganatu badute ere, zalantzarik ez da emakumeek beti jokatu izan dutela errebotean, aisialdian eta erdi-ezkutuan izan bada ere. Azken hamarkadetako lan eskergari esker, emakumeak zuriz jantzita frontoian ikustea jada ez zaigu arrotza, eta bazterrekoa izaten jarraitzen badu ere, gero eta ohikoagoa da. Dena dela, pilota modalitate bakarra ari da gailentzen (fenomeno hau emakumeetan bezala gizonezkoetan ere gertatzen da): ezker hormako esku pilota, hain zuzen ere. Ez da ahaztu behar beste hamaika modu ere badaudela pilotan jokatzeko, eta bazterrean dauden modalitateei bultzada ematea ere bada Emakumeen Pilotarien Elkartearen (EPE) xedea.

Errebotea-Sakea

Errebotea baztertuta dagoen modalitatea da, are gehiago emakumeentzat.

Baina hala ere, Miriam Arrillagak, 2016ko apirilaren 10ean jokatu zuen lehenengo partida ofiziala, Euskal Herriko txapelketan jubenil mailako lehiaketan. Aurtengo 2020ko uztailaren 31an berriz Zubietako pilota plazara salto egiten zuen galtza zuriak jantzita, eta bere lau taldekideekin batera 13-8ko emaitzaz gailendu zen. EPEko kide den Arrillagak lehenengo pausua eman duela esan daiteke: alde batetik, emakumeek errebotean jokatzeari ikusgarritasuna eman dio; eta bestetik, errebotea bezalako modalitate bati hauspo pixka bat emango dio, lehen emakumea izateagatik lortu behar lukeen oihartzuna medio.

EPEk babes osoa helarazten dio bai Arrillagari eta baita modalitate honen bultzatzaileei ere, bazterreko modalitateak erdira ekarri eta bazterreratutako emakumeek modalitate guztietan merezi duten parte hartzea eta ikusgarritasuna lortzeko bidean lehenengo pausuetako bat emateagatik.